Aurtengo urrian ere ozen aldarrikatu behar ditugu trans pertsonen eskubideak. Ortzadar LGBT Elkartekook ahotsa goratu eta aldarri argia kaleratu nahi dugu, gaur eta egunero, norberak aske izateko eta sentitzeko eskubidea izan behar duela esateko, bakoitzaren sexua eta genero identitatea bete-betean bizitzeko eskubidea izan behar duela adierazteko. Askatasun hori eta diskriminaziorik eza lortzeko bidea oso luzea, oso latza eta nekeza izaten ari da. Gezurra badirudi ere, OMEk 2019ra arte ez zuen atera transexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik. Eta, hala ere, geldoegiak dira oraindik ere arlo askotan: gizartean, medikuntzan, administrazioan, izapide ofizialetan…
Diskurtso transfobikoak indartu eta hainbesteraino iraunkor bihurtu dira non, azkenean, erakunde batzuek errepikatu egiten dituzten. Ez gara geografiaren ikuspegitik urrun dauden lekuetan edo garapen bidean dauden herrialdeetan gertatzen den zerbaiti buruz ari; lehen mundutzat jotzen den munduan ere ultraeskuinak LGBTI+ kolektibo osoaren askatasunak mehatxatzen ditu. Ingurumari horretan, eskubideen aurkako nazioarteko mugimendua badago, bazter guztietatik hedatzen dena.
Gure inguru hurbilean, Euskadin, aurrerapausoak eman dira. Hori ukaezina da. Hor dugu, oraintsuko adibide gisa, Eusko Legebiltzarrak otsailaren 15ean onartu duen 4/2024 Legea, genero-identitateagatik ez baztertzeari eta trans pertsonen eskubideak aitortzeari buruzkoa.
Baina kontuz ibili, gurean ere ere ez baikara libratzen. Bi mehatxu handi ditugu: alde batetik, VOXek adierazten duen ultraeskuina dago, eta, bestetik, trans pertsonen nortasuna ostentzen eta ukatzen duten erakundeetako TERF ordezkari batzuk daude.
Beste alde batetik, berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko borrokan funtsezkoa den mugimendu batean, feministen mugimenduan, esaterako, trans emakumeen errealitateari uko egiten dioten sektoreak sortzen ari dira.
Oso nekagarria da diskriminazioa bultzatzen duten eta ezjakintasunetik, ezezagutzatik edo, zuzenean, jakin nahi ez izatetik, intolerantziatik eta gorrototik sortzen diren diskurtsoei aurre egin behar izatea.
Horrelako inguruabarren agerian uzten dute erakundeek egiazko politikak gauzatu behar dituztela, asmo-adierazpenetatik harago. Osasunaren esparruan, esaterako, premiazkoa da Osakidetzak lehen mailako arretako erreferentziazko osasun-etxeak eta aniztasunari zein haren errealitate guztiei heltzeko prestatutako langileak dituen unitate espezializatu bat garatzea. Bestalde, laneko eremuan beharrezkoa da enpresetan neurriak ezar ditzaten trans pertsonen enplegua sustatzeko eta diskriminazio oro desagerrarazteko.
Hori guztia hezkuntza-sisteman oinarritu behar da, aniztasuna printzipio eta balio jatorrenetako bat dela aldezten duten gazteak gizarteratzen dituen hezkuntza-sisteman, hain zuzen ere.
Ortzadar LGBT Elkarteak lanean jarraituko du. Izateko eta sentitzeko askatasunaren alde.