Bilbao Bizkaia HARROren hamargarren urteurrenean, kultur jarduera ugari eta artista hasiberrien aldeko apustua

04/06/2024
    • Lehenengo edizioan, 5.000 pertsona inguruk parte hartu zuten programaren jardueretan. BBHARRO 50.000 parte-hartzaile izatera igaro da.
    • Ortzadarraren koloreek osaturiko eguzki-lorea da 2024ko kartelaren protagonista. Babesaren ikurtzat hartzen den eguzki-loreak adierazi nahi du BBHARROk LGBTI+ eskubideei ematen dien babesa.
    • Askatasun afektibo-sexuala eta genero-identitatearena aldezten duen ekimen honek gizarte-eragileen eta erakundeen arteko aliantzak batzen ditu, HARROamplified programaren bidez.
    • BBHarro 2024 Derion, Getxon, Santurtzin, Sodupe-Gueñesen eta Bilbon egingo da ekainaren 14tik 23ra bitartean.
    • Programazio osoa BilbaoBizkaiaHARRO.eus webgunean kontsulta daiteke. Bisita gidatuetan, Ur Parade-n, zumba-saioan eta HARROladies saileko jardueretan parte hartzeko, sarrera erosi beharko da webgunean bertan.

Den-dena prest dago ortzadarra Bizkaitik barrena zabal dadin, lurraldearen kostaldetik Bizkaiko barnealderaino. Ekainaren 14tik 23ra, Bilbao Bizkaia HARRO ekimenak hamar urte beteko ditu.

Hitzarmen berriak, kultur proposamenak eta artista hasiberrien aldeko apustua ditugu aurtengo programaren osagaiak. Hamar urte geroago, ekimen honek kultura eta aisialdiaren alde egiten du LGBTI+ eskubideen aldeko sentsibilizazioa sustatu eta eta borroka egiteko tresna gisa; hain zuzen ere, eskubideen aurkako mugimenduak oraindik ere eskubideok zalantzan jartzen eta kolektiboari eraso egiten jarraitzen du, Lurraren bazter guztietan.

BBHARROk hamargarren edizioa du aurtengoa, eta inoiz baino eskualde gehiagotan izango da: Derion (Txorierri), Santurtzin (Ezkerraldea), Sodupe-Gueñesen (Enkarterri) eta Getxon (Eskuinaldea).

Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Basquetour dira aniztasunaren aldeko hitzordu honen erakunde babesle nagusiak, eta horiekin bat egin dute aurten Derio, Getxo, Santurtzi eta Gueñesko udalek. Berrikuntza nabarmenetako bat Bilboko Institut Français-en lankidetza da; hala, Bilbo eta Bizkaiko Harrotasunarekin bat egin du erakundeak Frantziako La Sueur taldearen emanaldia lagunduta.

Hamarkada bat, hitzarmen gehiago, zaindu beharreko kausa

Hamarkada bat geroago, ezinbestekoa da atzera begiratzea. Azken urteotan, Bilbao Bizkaia HARROk kolaboratzaileen sarea osatu du, Bizkaiko bazter guztietara, bai eta Busturialdera eta Lea-Artibaira ere, iritsi den sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekimena bultzatuta.

Aldi horretan, BBHARRO Euskadiko nahiz ardatz atlantiko osoko LGBTI+ harrotasun-ekimen nagusi bilakatu da. Eta ekimena nahitaezko hitzordu bihurtu da aldarrikapen horrekin bat egiten duten milaka lagunen agendan; gainera, HARRO ekimenari buruzko informazio eskaera ugari etorri dira inguruko lurraldeetatik eta alboko herrialdeetatik. Horrek guztiak parte-hartzaile gehiago ekarriko du eta, ustez, aurtengo eragin ekonomikoa 3 milioi eurokoa izango da. 2015ean, 5.000 pertsona bildu ziren ekimen honetara, baina Bilbao Bizkaia HARROk 10 aldiz biderkatu du parte-hartzaileen kopurua, 50.000 parte-hartzaile izateraino. Gainera, LGBTI+ sentsibilizazio-kanpaina handiena gauzatzen duen erakundea da. Azken batean, Bilbo, Bizkaia eta Euskadi osoa nazioartera zabaltzen laguntzen du, bertakoek zein bisitariek gure hiria, lurraldea eta herria lurralde abegikor gisa ikus dezaten, aniztasuna errespetatzen duen eta balio demokratikoak sustatzen dituen lurraldea.

Gaur, BBHARROk hamargarren edizioa du, eta hitzarmen berriak egin ditu, herritarrekin ez ezik, LGBTI+ pertsonen eskubideen aldeko ekimen honi lagundu nahi izan dioten udalekin, hainbat gizarte-eragile, erakunde, enpresa eta saltokirekin.

Horregatik, gure leloak, Zu ere harro. Tu orgullo, ezin hobeto adierazten du ekitaldiaren gogoa, herritarren, erakunde eta antolakundeen, enpresen eta abarren lanari eta konplizitateari esker garatzen dena. Denak batera. Sinergia eta laguntza horiei esker, BBHARROk 10 urteko ibilbidea bete du.

Baina adi! Alderdi guztien ardura da, baita erakundeena ere, kulturaz, aisialdiz eta musikaz blaitzen den proiektu hau zaintzea, askatasunekin eta giza eskubideekin ere ezkontzen delarik. Garai nahasietan bizi gara, eta munduko hainbat tokitan gorrotoaren diskurtsoak indartzen ari dira. Premiazkoa da aldarrikapen-, topaketa- eta aniztasunaren defentsa-bilguneak zaindu eta babestea. Beti esan izan dugu, hasiera-hasieratik: inoiz ez diogu dantzan egiteari utziko, kosta ahala kosta. Eta musikaren doinua geratu ez dadin, guztion laguntza behar dugu…

Eguzki-lorea: kultura eta babesa

Bilbao Bizkaia HARROren logotipoarekin jolasean dabilen eguzki-lore bat dugu 2024ko edizioko kartelaren protagonista, hain zuzen ere, munduan ikur unibertsala den ortzadarraren antzera hedatzen den euskal kulturaren partaidetza-sentimendua aldarrikatzen du. Izatez, gure Harrotasuna, eguzki-lorearekin gertatzen den legez, babesaren eta ikusgarritasunaren ikurra da, LGBTI+ pertsonen eskubideak defendatzeko.

Gure programazio osoa

Bizkaiko programazioa hilaren 14, 15 eta 16an garatuko da: ekainaren 14an, Derio izango da topalekua, eta 15ean Santurtzi eta Sodupe-Gueñes. Hilaren 16an, Getxoren txanda izango da. Azkenik, ortzadarra Bilbon zabalduko da ekainaren 20tik 23ra. Kirolaren eta kulturaren inguruko jarduerek berebiziko garrantzia izango dute 2024ko programan. Oharraren amaieran, herri eta jardunaldi bakoitzeko agenda azaltzen da.

Ohi bezala, programak gaikako sailetan banatzen ditu jarduerak: HARROkids (umeak eta familiak), HARROmusic, HARROfun, HARROscience (dibulgazioa), HARROculture eta HARRObasque. Iaz oso arrakastatsuak izan ziren bi sail nabarmendu nahi ditugu. HARROladies eta HARROamplified.

    • HARROladies sailaren helburua da LBTI+ emakumeen entretenimendu-espazioak handitzea, hain maskulinizaturik dagoen gaueko aisialdi-ingurunearen barruan, parte-hartzaileentzako topaguneak sortzeko eta errealitate horiek ere ikusarazteko. Bakarrizketa bat, HARROladyfestak, bisita gidatuak eta tragualdi musikatuak dira Bilbao Bizkaia HARROren aurtengo proposamenak. Gainera, datorren ekainaren 27an Bilboko ‘Burtsa’ eraikinean, «Atxikimendu eta harremanak» gaiari buruzko solasaldia egingo da. Bestalde, datorren ekainaren 15ean, Santurtzin, LBTI+ emakumeentzako bisita gidatu bat egingo da itsas museoan. Jarduera horietan guztietan parte hartzeko izena eman beharko da webgunean (www. BilbaoBizkaiaHARRO.eus), espazio seguruak bermatzeko helburuz.
    • HARROamplified, Hainbat kultura-eragilek jarduerak antolatu dituzte LGBTI+ errealitateen inguruan, eta BBHARRO programan txertatu nahi izan dituzte, LGBTI+ harrotasuna eta haren helburuak babesturik:
    • Bakioko Txakolinguneak bisita gidatuak antolatu ditu Gozatu Bizkaiko Txakolinaren hiru koloreez izenburuaren ildoan. Ekainaren 14, 15, 16, 21, 22 eta 23an izango dira bisitak. Izen-emateak 5,00 euroko prezio sinbolikoa du.
    • Bilboko Bidebarrieta Kultur Guneak Te estoy amando locamente filma eskainiko du ekainaren 26an, doan.
    • Bizkaiko Foru Aldundiko Liburutegiak, Bilbon, LGBTI+ gaia jorratzen duten argitalpenen sorta bat erakutsiko du sarreran.

Bizkaia HARRO. Ortzadarra Bilboren gainean zabaldu aurretik, aniztasun eta aldarrikapenaren hitzordua ekainaren 14an izango da, Derion, eta hilaren 15ean, berriz, Santurtzin eta Sodupe-Gueñesen. Hilaren 16an, Getxoren txanda izango da. Herri bakoitzean programatutako proposamen batzuk aipatzearren, esan dezagun Deriok kulturaren aldeko apustua egin duela euskal agertokietan arrunt ezaguna den Mitxel Santamarina aktorearen eskutik. Santurtzik aniztasunaren aldeko IV. batel-estropada egingo du udalak, Itsasoko Ama arraun-elkartearekin lankidetzan. Sodupe-Gueñesen herriko saltokien engaiamendua eta laguntza jaso dugu, eta bertan, herriko kaleak ortzadar banderaren koloreez apainduko dituzte. Getxon, umeek eta familiek jolasgune batez gozatzea izango dute, zuzeneko musikaz girotuta.

Bilbo HARRO. Bilbon ohiko jarduerak izango dira, hala nola Kale Nagusiko zumba-saioa, hilaren 23an, edo itsasadarra zeharkatuko duen Ur Parade itsas ibilaldia, ekainaren 22an, eguerdiko 1ean, Pio Barojatik abiatuta. Bi ekitaldietarako izena emateko epea zabalik dago BBHARROren webgunean. Gainera, edergaiak, nabarmentasuna, lotsagabetasuna eta aldarrikapena izango dira nagusi BBHARROren beste hitzordu finkatuetako batean, Drag festan, hain zuzen ere. Zazpi artista gaztek izena eman dute ikuskizunaren etorkizuneko izarren agertoki bikain izateko asmoa duen lehiaketa honetan.

Kultur proposamenetan, doako zinema-zikloa aipatu behar dugu. Zikloa azken hiru urteetan egin da San Nikolaseko metro geltokian, Eusko Trenbide Sareari esker. Beste proposamenetako bat bisita gidatuena da, Bizkaiko LGBTI+ mugimenduaren historiaren mugarriak eta kolektiboaren gaur egungo topaguneak jorratzen direla. Andra Mari kalean, Herri kirolen IV. Olinpiada egingo da, takoietan, eta dibertitzeko gunea izateaz gain, herri kiroletako genero- estereotipoak apurtzen ahaleginduko da.

Artista berrien aldeko apustua. Musikari dagokionez, Bilboko Areatza izango da berriro ere emanaldien gune nagusia. Aurten, BBHARROk lanean ari diren artista berriei laguntzeko apustua egin du, agertokietan lekua egiteko asmoz. Oholtza gaineko esperientzia eta beteranotasuna Asier Bilbaok eta Tolinek eskainiko digute, hau da, Bizkaiko gaueko transformismoaren bi izen esanguratsu; bi-biek show dibertigarriak eskainiko dituzte, ausartak eta aniztasun-mezuaren hedatzaileak. Bide-urratzailea den Bartzelonako Ruïnosa y las Strippers de Rahola drag-punk taldearen emanaldia izango da. Molde elektrobaragarria darabilen Turista Sueca taldea Madrildik Bilbora etorriko da, baita Milo ere. Ana Menaren hasierako talde moduan behin baino gehiagotan aritu den María Galánen ahots gazteaz ere gozatu ahalko da. Bilboko Nawi izango da musika-arloko beste proposamen bat. Azkenik, nazioartean, Frantziako La Sueur taldea izango dugu, Institut Français-en lankidetzari esker.

Musikari gagozkiola, DJek ezin hutsik egin. Bizkaia osoan ezaguna den Ibai Sánchezek dar-dar jarriko du dantzalekua, bai eta Estrella Eléctrica DJk ere, HARROladies sailean. Beste DJ bat Lolito Malibú izango da, eta Dennis Moorek The Moore Experience DJ ikuskizun berria ekarriko du BBHARROra.

Mila esker. Bilbao Bizkaia HARRO bideragarria izango ez litzatekeelako gure laguntzaileengatik izango ez balitz. Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Basquetour, Derio, Getxo, Santurtzi eta Gueñesko udalak, Metro Bilbao, Berdindu-Eusko Jaurlaritza, Euskotren, BBK Fundazioa, BilbaoPort, Eusko Trenbide Sarea, Euskalduna Jauregia, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Institut Français, Aguas Alzola, Ertzaintza, Txakolingunea, Gueñesko merkatarien elkartea, Bizkaiko Foru Liburutegia, Euskaltzaindia, EiTB, Bidebarrietako Liburutegia, Telebilbao, Getxoko Kirol Portua eta THE ARTIST hotelak bat egin dute aurten ere aniztasuna ospatzeko helburuz Bilbao Bizkaia HARRO ekimenaren inguruan, hau da, Bilbo eta Bizkaiko LGBTI+ Harrotasunaren inguruan.

¡Compártelo!

Más notas de prensa

Bilbao Bizkaia Harro
25/05/2023
Bilbao Bizkaia HARRO denuncia las pintadas aparecidas en las lonas anunciadoras del Orgullo instaladas en el muelle del Arenal
Bilbao Bizkaia Harro
05/05/2022
Ante la alarma social creada en los últimos días en relación al posible asesinato de varias personas LGBTI en Bilbao, Bilbao Bizkaia HARRO realiza las siguientes consideraciones a los medios de comunicación.
Bilbao Bizkaia Harro
16/05/2023
Bilbao Bizkaia HARRO condena la agresión homófoba sufrida por una pareja en el municipio de Villabona.
Bilbao Bizkaia Harro
12/05/2023
Bilbao Bizkaia HARROren 2023ko edizioaren datak behin betikoak dira dagoeneko: askatasunaren eta aniztasunaren ortzadarra Bizkaiko lurralde osotik hedatuko da ekainaren 15etik 29ra.

HARROladies

Ezagutu HARROladies

Guretzat bakarrik den espacio bat!