Bilbao Bizkaia HARRO 2024 ekimenak ekainaren 14tik 23ra zabalduko du ortzadarra

30/05/2024
    • Bizkaiko hiriburuan ez ezik, Derion, Santurtzin, Sodupe-Gueñesen eta Getxon ere antolatuko da aniztasun afektibo sexualaren eta genero-identitatearen aldeko ekimen honen egitaraua.
    • Aisialdia, kultura eta aldarrikapena biltzen dituen ekimen honen hamargarren edizioa izango da aurten.

Bilbao Bizkaia HARRO 2024, hau da, Euskadiko LGBTI+ Harrotasunari lotutako ekimenaren atzerako kontaketa hasi da ortzadarrez blaitutako egitaraua Bizkaitik zehar hedatzeko. LGBTI+ kolektiboaren askatasunaren eta eskubideen aldeko ekimen hau ekainaren 14tik 23ra egingo da aurten. Aisia, kultura eta aldarrikapena biltzen dituen topaldi honek hamar urte bete ditu; beraz hamarkada betea eman dugu dantzatzen eta lanean funtsezkoak diren aldarrien alde: norberak nahi duena izateko, sentitzeko eta maitatzeko eskubidea.

Bilboko kaleetan, Areatza erdigune nagusi izango dela, eta Santurtzin egingo dira BBHARROren jarduerak. Gainera, aurten, Derion, Sodupe-Gueñesen eta Getxon ere garatuko da egitaraua.

Udalerrietako programazioa ekainaren 14an, 15ean eta 16an izango da: ekainaren 14an, Derion; 15ean, Santurtzin eta Sodupe-Gueñesen. Hilaren 16an, Getxok hartuko die txanda. Azkenik, Bilbon zabalduko da ortzadarra ekainaren 20tik 23ra.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Basquetourrek, bai eta Santurtziko, Getxoko eta Derioko udalek ere, babesten dute aniztasunaren aldeko ekimen hau.

Zinema, drag festa, bisita gidatuak, ontziak, ikuskizunak…

Bilbao Bizkaia HARROk kultur eta aisialdi jarduera eta proposamen ugari dakarzkigu, betiere aldarrikapenaren eta sentsibilizazioaren ildoan. Herriotako egitarauei buruzko xehetasunak aurrerago zehaztuko dira.

Aurrerapen gisa, esan dezagun ohiko jarduerak egingo direla Bilbon, hala nola sarrera libreko eta doako jarduerak, Kale Nagusiko zumba saioa (hilaren 23an izango da) edo ekainaren 22an itsasadarra zeharkatuko duen Ur Parade edo itsas ibilaldia.

Beste jarduera interesgarri bat bisita gidatuena izango da; haien bidez, Euskal Herriko LGBTI+ mugimenduaren historiaren mugarriak eta kolektiboaren gaur egungo topaguneak jorratuko dira.

LBTI+ emakumeek LBTI+ emakumeentzat bereziki diseinatutako jarduerez osatzen den HARROladies agenda ere garatuko da. Eta jakina denez, takoiez, distiraz, bitxikeriaz, lotsagabetasunaz eta aldarrikapenez jantziko da Bilbao Bizkaia HARROrentzat oso kuttuna den Drag Festa, dragean aritu nahi duten belaunaldi berriak ikusarazteko aukera ematen duelako.

Azkenik, LGBTI+ film laburren doako zikloa aipatu behar da; jarduera hori azken hiru urteotan garatu da San Nikolas metro geltokian, Eusko Trenbide Sarearen lankidetzari esker. Agenda honetaz gozatzeko, geltokira hurbildu besterik ez da egin behar.

Izen-ematea zabalik

Azaldutako jardueretan parte hartu nahi duen pertsona orok zabalik dauka izen-ematea Bilbao Bizkaia HARROren webgunean (www.BilbaoBizkaiaHARRO.eus)

Aurtengo edizioak lehengo babesle eta laguntzaile hauek izango ditu: Berdindu-Eusko Jaurlaritza, Euskotren, Metro Bilbao, BilbaoPort – Bilboko Portua, Eusko Trenbide Sarea, Ertzaintza, BBK Fundazioa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Euskalduna Jauregia, Euskaltzaindia, Txakolingunea-Bakioko Txakolinaren Museoa, foru liburutegia, EiTB, Aguas Alzola eta The Artist hotela. Eta aurten, lehenengoz aldiz, ondokoak arituko dira Bilbao Bizkaia HARRO ekimenarekin lankidetzan: Institut Français, Getxoko Kirol Portua, Gueñesko merkatarien elkartea eta udalerri horretako Gueñes Gaztea gazteria-zerbitzua.

¡Compártelo!

Más notas de prensa

Bilbao Bizkaia Harro
30/05/2022
Bilbao Bizkaia HARRO recupera su formato original y extiende su arco iris a Lekeitio, Plentzia y Santurtzi
Bilbao Bizkaia Harro
01/09/2022
El Presidente de Serbia ha amenazado con prohibir la celebración de la marcha del EuroPride en la ciudad de Belgrado

HARROladies

Ezagutu HARROladies

Guretzat bakarrik den espacio bat!